Alaska

Helduendako poesia


ISBN: 9788413602424

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2023

 

Nork ez du errepide galduan, egun buruzuri horietako batean, kotxea bazterreratu eta negarretan hasi? Desordu horietan beti egiten du euria, euririk ez badago ere, eta hotza. Beti agertzen da Anariren kantuetako oreina seinaletan harrapaturik. Ez da zertan kotxerik egon, eta seguruen, errepiderik ere. Atmosfera da kontua, eta hori kantu batean, edo argazki batean edo poema liburu batean aurki zenezake. Castillo Suarezek Alaska kaleratu du, eta lehenengo lerroetan esaten dizu dagoeneko badakizuna: lehenago edo geroago, beti iristen da negua.

Poema bati eska diezaiokezuna aldakorra izan liteke. Aspaldi hasi nintzen berrirakurketak egiten, eta horietan jabetu naiz norberaren bizitza unea zein garrantzitsua den poema edo kantu baten aurrean. Hala ere, daitort, beste arrazoi aldeko batzuk ere izan ditzaket. Ez ditudala gauzak hain argi honetan. Uste dut gehiegi irakurtzen dugula eta zaila egiten zaidala astindua emango didan zerbait aurkitzea askotan. Eta halako batean Alaska azaltzen da espeleologia teknikak erabilita zure barrenetara zuzenean doana. Zu ere balea baten esperoan zaudelako, zuk ere badakizulako ezin duzula ezer egin maitatzen ez zaituenekin, elur-min zarelako, min eta beldur bilduma duzulako. Bai, lehen hauskorrak ginen eta orain iraunkorrak, eta pentsatzen hasita (ia) ezagutzen ditugu gure baitan bizi diren emakume guztiak; zuk ere urte batzuk badituzulako. Dagoeneko denbora ez dugu ordutan neurtzen, honezkero poematan neurtzen dut nik. Eta Alaska-n geratzeko moduko eternitatea sentitu dut. Badakizu, ordea, ezin zarela poemetan geratu, hor kanpoan errealitatea dagoelako. Eta errealitateak badu ordurik, eta lo faltarako pilulak, eta urdailerako hautsak, eta fitxatzeko makina, sakelakorako kargadorea, eta beti ahaztu egiten zaizun frutarako poltsa. Askok edertasuna sortzen dute eguneroko arrunkeriekin, elurrarekin edota oreinekin, eta eskerrak eurei.

(Goizalde Landabaso)

Irautera

Helduendako poesia


ISBN: 9788490278482

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2019

Castillo Suarezi zer edo zer gertatu zaio. Haizeak pinuaren adaburua lez inguratu du bizitzak, eta Irautera eder honen bitartez ekarri dizkigu zaurgarritasuna eta indarra, etsi gaiztoa eta kreatibitatea. Liburu bakanak dira horrela laburbiltzen dituztenak garai bateko gazi-gozoak, non gazia ez den hain gazi, non gozoa den saihestezin esateko beste modu bat: “Maitetasunak badu abantaila bat bederen:/ zauririk ez da egiten orbainen gainean”.

Castillo Suarezi zer edo zer gertatu zaio beraz. Eta nori ez.

Musika talde bateko kide guztiak momentu magiko batek jota egon eta diskoa grabatzen dutenean bezala, grazia egoeran daude hemen Castillo guztiak. Autoafirmazioarena, bakardadearena, feminitatearena. Denek batera konposatu dute pieza bat bakarra, liburu honetako poema guztiek osatzen baitute bakarra. Bere aurreko liburuak baino liburuago, Irautera hiztegi bat ere bada maitasunaren botanikaz hitz egiten diguna. Eta aurreko liburuen aldean sinbolismo arean gutxiago ere nabari zaio, errealismo minimalista bat darabil-eta, non ñabardura guztiak diren inportanteak: “Ez kantarik, ez argazkirik./ Joan zinenetik/ saihesten ditut mendiak zein ibaiak”.

(Igor Estankona)

Urtebetetze festa

Helduendako poesia

Urtebetetze festaISBN: 9788490270080

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2012

Castillo Suarez poeta altsasuarrak aurrerapauso bat eman du liburu berri honetan. Aurreko bildumen ildotik (Spam poemak, Bala hutsak, Souvenir), esandakoaren eta esan gabekoaren arteko kontrastearekin jokatzen du, polisemiaz beteriko mezu irekiak erabiltzen, ironia-karga handia duten esaldi biribilak botatzen. Lirismo itxurazkoari ihes egiten dio Suarezek, lerro ebakien teknikari ere uko eginez, poetikotasuna barrurago, sakonago ezkutatzen den zerbait dela frogatuz.

(Antxiñe Mendizabal)

Souvenir

Helduendako poesia

SouvenirISBN: 9788497835657

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2008

Liburuz liburu, ahots bat lortu du, estilo bat garatu du, nortasun bat eraiki du Castillo Suarezek, euskal poesian berezko lekua eta izaera propioa eman dizkiona. Ibilbide horretan pauso berri bat da Souvenir; progresoan sinetsiz gero aurrerapauso bat dela esan behar genuke, baina beharbada zehatzagoa litzateke pauso bat barrurago egin duela esatea. Castillo Suarezen poesiaren betiko bereizgarrietako batzuk topatuko ditugu hemen: giza harremanez sakon eta zorrotz aritzea, ez mezu biribilez eta sententzia unibokoz baizik eta esaldi zirikatzailez eta irudi iradokitzailez; hizkuntza aratz eta aldi berean hurbila erabiltzea, poetikotasuna eguneroko hiztegiaren depurazioan bilatuz, eta ez artifizio eta estetizismoetan. Beste ezaugarri batzuetan, berriz, desberdina iruditu zaigu: ironia, irakurlearekiko konplizitate-keinu eta urruntze-teknika gisa orain arte hain etengabea zena, gutxiago erabili du orain, minaren mugan trufak bere funtzioa, bere ahalmena galdua balu bezala; horrekin batera, irudi luke idazlearen mozorroa erortzen uzten duela tarteka, haren ostean kukutzen den pertsonaren biluztasuna sumatzen uzteko, irakurlearen biluztasunaren ispilu bihurtzen ahal dena.

(Xabier Mendiguren)

Bala hutsak

Helduendako poesia

Bala hutsakISBN: 9788497833509

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2006

Castillo Suarez altsasuarraren poema-liburu berria; bere estiloari jarraituz, poema zuzen eta bortitzak egin ditu, gizon-emakumeen arteko harremanetan sortzen diren zaurietan arakatuz, umorearen eta probokazioaren bidez. Hizkuntza loratu eta metaforen ordez eguneroko mintzaira darabil, zehaztasunez bezainbat iradokizunez beteriko testuetan. Paradoxikoa dirudien arren, bere poemak aldi berean dira adierazpen sendo eta biribilak, batetik, eta anbiguotasunez jantzitako enigmak, bestetik.

(Xabier Mendiguren)

Spam poemak

Helduendako poesia

Spam poemakISBN: 9788497831185

Argitaletxea: Elkar

Edizio urtea: 2004

Inork eskatu gabeko mezuei deitzen diegu spam, Interneteko publizitate zaborrari. Poema hauek ere inork eskatu gabe egin ditu Castillo Suarezek, eta inork eskatu gabe bidaltzen dizkigu; gure disko gogorra aztoratzeko, eguneroko lanen eta harremanen errutinak bere onetik ateratzeko. Sentimenduez ari da Castillo Suarez bere poema gehienetan, baina modu ez sentimental, ia-ia antisentimental batean. Poesia narratiboa egin du askotan, mikroipuinera hurbilduz tarteka, baina zalantza eta misterio-hari bat utziaz beti airean; sexua agertzen da sarritan bizikizun-kontakizun hauetan, baita herri honetan bizi garen guztioi dagokigun egonezin kolektibo baten printzak ere, baina ironiaz jantzirik hala ere, anbiguotasun jostalari batez blaiturik. Apaingarri guztietatik ihesi ibili da egilea liburu honetan, hitz gutxi eta juxtuak erabiliz aldiro, definizio zehatz eta esentzialaren bila, labanarena bezain ebaki sakon eta perfektuak eraginez irakurlearen garunean. Bost zati ditu liburuak: lehena, deklarazio hiperlabur eta asaldagarria; azkena, poema luze sujerentziaz betea. Eta tartean beste hirurak: Arrotzen erretratuei begira nago, poetak besteen errealitateaz egiten duen behaketa-hurrupaketa ageri diguna; Aldizkari atzeratuak, oroitzapenak birbizitzeaz ari zaiguna; eta Inurriak irentsi, munduaren desatsegin mingarria erakusten diguna.

(Xabier Mendiguren)

Mugarri Estaliak

Helduendako poesia

Mugarri estaliak ISBN: 9788486766092

Argitaletxea: Susa

Edizio urtea: 2000

Egia bezain gordina, bizitza bezain bortitza eta errealitatea bezain ironikoa da Castillo Suarezen Mugarri estaliak poemategia.

Hogei poemako hiru ataletan dago banatuta liburua: Bidaia antolatuak, Maitasuna zedarritzen dute eta Sententzia baliogabeak.

Poema liburu orekatua da, bai atal bakoitzean bilbatu dituen poema kopuruari dagokionez eta baita gaiaren tratamenduari dagokionez ere. Poema bakoitza gorputz bat da, poema bukatu bat, eta sufrimenduaren deskribapena oinarri duela, poema liburuak hiru muga eta hiru memento deskribatzen ditu: muga bezala aurkeztuko dituen antolaketa, lurraldetasuna eta maitasuna batetik, eta leku batean kokatuta dagoenaren, bidaiariaren eta ihes egin nahi duenaren erabakitze mementoa bestetik.

Castillo Suarezen poesiak ez du edergarririk, ez adjektiborik. Ideiak eta sentimenduak iradoki baino areago sententziatu egiten ditu. Egunerokotasuna bezain gai arrunta ironiaz tratatzen du idazleak: ironia eta antitesiaren erabilerari esker, gai bakoitzaren bi aurpegiak erakutsi nahi izango dizkigu altsasuarrak: errealitatea eta errealitatea ez denaren munduan mugitzen dena: ustea, ametsa, hipokresia, nahia… Ironia erabiltzen du halaber egiaren gordintasuna amiñi bat leuntzeko.

Idazle gazteari halako tristura egoera konstante bat nabari dio irakurleak poemategi osoan zehar. Eta ezinaren edo mugen aurrean gogaituta agertzen zaion poetaren hitzetan murgil egitean, poetaren itolarria sentitzen du irakurleak ere.

(Ana Urkiza)