ELURRA ELURRAREN GAINEAN

Helduendako albumak


ISBN: 97884809357574

Argitaletxea: Egilea editore

Edizio urtea: 2021

 

Zer ote du elurrak Castillo Suarezentzat? Beti-batekoa baita bere unibertso poetikoan.

14 poema eder bildu ditu liburu ezin zainduago honetan —kalitateko papera eta azala, Txakur Gorriko nesken irudiak, Fernando Reyren gaztelaniarako itzulpena eranskin gisa—. Agerikoa da maitasun handiz prestatutako poema-liburua dela. Izan ere, 14 enkargu daude haren oinarrian, batzuk Castillori eginak, eta beste batzuek Castillok bere borondatez sortuak, baina denetan omenaldia egin die Castillok asko estimatzen dituen pertsona bizi edo hil batzuei, bere unibertsoan garrantzia duten erakunde batzuei.

Ohi bezalako begiratu erne eta sakonarekin marraztu ditu pertsona batzuen bizitza eta balioak, erakunde batzuen fruitua eta lana, haiek denek, elurrak bezala, arrasto ezin ezabatuzkoa uzten baitigute emeki-emeki gure ibilaldian pausatzen direnean, gure existentzia markatzen dutenean.

Iradokizun-indar handiko poemak dira, eta nahasirik dituzte, oreka ezin hobean, sinpletasuna eta edertasuna.

(Fernando Rey)

Zerua berun

Helduendako albumak


ISBN: 9788483949160

Argitaletxea: Ibaizabal

Edizio urtea: 2014

 

 

 

Poema luze bat da album honetako  testua, prosa poetiko laburra, beraz.

“Garbi neukan ezin nuela narrazio klasiko bat egin” adierazi zuen Castillo Suarezek liburuaren aurkezpenean. “Nik ongi menderatzen dudana prosa poetikoa da.”

Lehen pertsonan idatzia, sentimenduak eragiten dituen irakurketa dugu, malenkoniatsua da sortzen duen giroa. Kontatzen dena aldentzen doazen bi pertsonen harreman sentimentala da, beldurra bakardadearen aurrean, hitz ez-ulertuak, sendatu gabeko zauriak, barnera bilduta eta zalantzaz beteta bizi den pertsona baten gogoetak dira.

“Presentzia eta absentziaren arteko jokoa islatu nahi nuen. Gehiago da kontatzen ez dena kontatzen dena baino”. Eta hala da, ez da gehiegi zehazten, narratzaileak ez du azalpenik ematen, irakurleari eta ilustratzaileari uzten zaie istorioa osatzeko aukera. Oso ipuin atmosferikoa gelditu zaiela aipatu zuen idazleak, eta esate horrek ondo deskribatzen du ipuinaren giroa. Ez da kasualitatea albuma Joseba Sarrionandiaren aipuarekin hastea: Zerua itsaso zikin bat da. Bete-betean aukeratutako esaldia, poemaren atmosferarekin bikain ezkontzen dena.

Elkarrekin dantza egiten dute testuak eta irudiak, hitzak bezain intimoak dira marrazkiak. Elurpean emakumearen gorputz siluetak antzematen dira, txoriak protagonista. Mutuberriak normalean erabiltzen duen teknika tinta eta akuarelaz osatua da. Horrela hurbildu da liburura, irudimena martxan jarri eta irakurketa zabala eskaini digu. Paisaia gris eta pisutsua azalduz, beruna legez, urdin-gris eta ilun. Naturaren indarra da iradokitzen diguna, leuna batzuetan, gogorra beste hainbestetan.

Album ilustratu ederra, aberatsa, ausarta, sailkaezina, soseguz dastatzekoa, behin eta berriz irakurtzeko eta interpretatzeko parada ematen duena, testuak eta ilustrazioek barnean ezkutatuta dituzten zalantzak argitu arte.

(Asun Agiriano)