ISBN: 9788483949160
Argitaletxea: Ibaizabal
Edizio urtea: 2014
Poema luze bat da album honetako testua, prosa poetiko laburra, beraz.
“Garbi neukan ezin nuela narrazio klasiko bat egin” adierazi zuen Castillo Suarezek liburuaren aurkezpenean. “Nik ongi menderatzen dudana prosa poetikoa da.”
Lehen pertsonan idatzia, sentimenduak eragiten dituen irakurketa dugu, malenkoniatsua da sortzen duen giroa. Kontatzen dena aldentzen doazen bi pertsonen harreman sentimentala da, beldurra bakardadearen aurrean, hitz ez-ulertuak, sendatu gabeko zauriak, barnera bilduta eta zalantzaz beteta bizi den pertsona baten gogoetak dira.
“Presentzia eta absentziaren arteko jokoa islatu nahi nuen. Gehiago da kontatzen ez dena kontatzen dena baino”. Eta hala da, ez da gehiegi zehazten, narratzaileak ez du azalpenik ematen, irakurleari eta ilustratzaileari uzten zaie istorioa osatzeko aukera. Oso ipuin atmosferikoa gelditu zaiela aipatu zuen idazleak, eta esate horrek ondo deskribatzen du ipuinaren giroa. Ez da kasualitatea albuma Joseba Sarrionandiaren aipuarekin hastea: Zerua itsaso zikin bat da. Bete-betean aukeratutako esaldia, poemaren atmosferarekin bikain ezkontzen dena.
Elkarrekin dantza egiten dute testuak eta irudiak, hitzak bezain intimoak dira marrazkiak. Elurpean emakumearen gorputz siluetak antzematen dira, txoriak protagonista. Mutuberriak normalean erabiltzen duen teknika tinta eta akuarelaz osatua da. Horrela hurbildu da liburura, irudimena martxan jarri eta irakurketa zabala eskaini digu. Paisaia gris eta pisutsua azalduz, beruna legez, urdin-gris eta ilun. Naturaren indarra da iradokitzen diguna, leuna batzuetan, gogorra beste hainbestetan.
Album ilustratu ederra, aberatsa, ausarta, sailkaezina, soseguz dastatzekoa, behin eta berriz irakurtzeko eta interpretatzeko parada ematen duena, testuak eta ilustrazioek barnean ezkutatuta dituzten zalantzak argitu arte.
(Asun Agiriano)